Gure oraingo Fundación Estadio Vital Fundazioaren jatorria —izen hori du 1991ko ekainetik— joan den mendeko berrogeita hamarreko azken aldean aurkituko dugu. Orduko Caja Provincial de Álavak, gaur egun Caja Vital Kutxa denak, sasoi hartan erabaki zuen, herrialdeko kiroldegi-instalaziorik modernoenetako bat eraikitzea Cervantes ibilbidean, Gasteizen hegoaldean; barruti hori urteen buruan, eta hirigintzako estrategia buruargi bati esker, adibide eta eredu bilakatu da kirol-ekipamendu eta zerbitzuei dagokienez
Toki lasai hau gasteiztarrek zein arabarrek nahiz bisitariek gehien estimatzen duten eta sarrien joaten direnetako leku bat da, bai dauzkan kirol-azpiegiturengatik, elkarren osagarri direlarik, gainera, eta bai haiek bertako berdegune zabal eta ederrekin duten loturagatik eta harmoniagatik.
Ofizialki, Estadio fundazioaren instalazioak 1960ko apirilaren 24an inauguratu ziren. Egun hartatik eta gaur egunera arte beti eman ditu zerbitzurik onenak kirolaren kultura maite duten eta praktikatzen duten guztientzat, etengabe berrikuntzak eta eguneraketak egiteari utzi gabe. Edozein direla ere erabiltzaileen adina nahiz kezkak.
Horrenbestez, atletismoak, gimnasiak, pilota-jokoak, tenisak, squashak, futbolak, saskibaloiak eta beste kirol mota batzuek, gorputza jagon eta forma fisikoa mantentzeaz batera, harrera abegitsua aurkitzen dute Estadioren instalazioetan. Eta garai berrietarako erantzun egokia. Lan egiteko dugun gogo handiak eta gaur egungo exijentziek behartzen gaituztelako gure instalazioak aldizka eguneratzera eta modernizatzera. Horrelaxe izan da hasiera-hasierako urteetatik.
Horretara, bada, igerileku olinpikoari, bere tranpolin berezi eta guzti —bereizgarri aitzindaria—, beste proiektu batzuk jarraitu zaizkio Estadioren lehenengo zabaltze modernoaz geroztik; izan ere, 1972an lur gehiago erosi zen. Harrezkero, etengabe, aldizkako zenbait ekimeni ekin izan zaio, instalazioak sortuz, erreformatuz eta egokituz, kasuen arabera, bai halaber, Estadioko bulegoak eta beste leku batzuk.
Ondare oparo eta askotariko bat, bere eragina oraingo Fundación Estadio Vital Fundaziora hedatzea ahalbidetu diona: igerileku estali eta klimatizatuak; gimnasioak; antzinako pilota-lekua estali da eta kiroldegi bilakarazi; teniseko pista estaliak zein aire zabalekoak; trinketa, edo futbol-zelaiak, saskibaloikoak, eta sauna-zerbitzuak, kafetegia, laket- eta aisia-gelak, osasun-zerbitzuak…, eta Estadio Gela, non kirolarekin loturiko hitzaldiak eta solasaldiak ematen baitira.
Horrenbestez, bada, kirola egitea sustatzea eta hedatzea xede, Fundación Estadio Fundazioak bere eginkizun eta helburuen artean funtsezko zeregin bat hartzen du bere gain, dagokion bezala. Gainera, bereziki zaintzen ditu bizikidetza, heziketa eta pedagogia, beharrezko eta ezinbesteko balioak direnez gero mundu modernorako.