Estadio online | ES | EUS
Menu

60. urteurrenaren amaiera

60. urteurrenaren amaiera
Gernikako Arbolaren kimu bat landatuz eta oroitzapenezko mural bat inauguratuz emango dio amaiera Estadio Fundazioak bere 60. urteurrenaren ospakizunari

Bertako instalazioetan Gernikako Arbolaren kimu bat landatu eta oroimenezko mural bat jarrita eman zaio amaiera Estadio Fundazioaren 60. urteurrenaren ospakizunari, ostiral honetan. Lurraldeko hainbat agintarik hartu dute parte jardunaldian. Jon Urresti Vital Fundazioetako presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, José Ángel López de Lacalle Estadio Fundazioko langileen ordezkariak eta Teresa Bredak, 20.000 abonatu ingururen ordezkariak, landatu dute Agora plazan haritzaren kimua. Ondoren, 'Gernika site' murala aurkeztu dute. Kafetegiaren azpian dago eta Pedro María Moraza artistak sortu du bereziki, erakundearen 60 urteak direla eta. Egilearen esanetan, lana euskal herriaren eta bere balioen alegoria da, Gernikako Arbolan adierazita dagoen antzinako jatorriari egiten dio ohore, baita herri sinboliko horren bonbardaketa ankerrak eragindako sufrimendua gainditzeko ahalmenari ere. Jon Urrestik gogora ekarri du 'Estadioa' -erabiltzaileek hala deitzen baitiote- "60 urte hauetan hiriko sozializazio-gune nagusietako bat" izan dela, eta Fundazioak "kirola egiteko modu berrietara, aisialdia bizitzeko modu berrietara, espazio zabalagoetara eta zerbitzuaren kalitatera" egokitzeko duen konpromisoa berretsi du, laster bukatuko den Estadio Berria proiektuaren eskutik. "Estadioa benetako luxu bihurtu da, eta beti eskertuko diegu Araban eta Vitoria-Gasteizen kirolaren itsasargi den hau diseinatu zuten ameslariei, eta, zalantzarik gabe, ibilbide luze honetan zehar hobetzen lagundu duten guztiei, eta, batez ere, dituen milaka abonatuei", gaineratu du Urrestik. Ekitaldian izan dira, halaber, Mikel Urdangarin Estadio Fundazioko zuzendaria; erakundearen Patronatuko kideak; Ramiro González, Ahaldun Nagusia; Pedro Elósegui, Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea. 60 urteko historia Estadio Fundazioaren instalazioak (Cervantes ibilbidea 20, Vitoria-Gasteiz) 1960ko apirilaren 24an inauguratu ziren ofizialki. Harrezkero, funtsezko eginkizuna du Vitoria-Gasteizen kirol-jarduera sustatzeko eta zabaltzeko, eta, horrez gain, kirolari berez lotutako beste balio batzuk ere sustatzen ditu. Instalazioak, 40.000 metro koadrokoak, etengabe berritu dira urte hauetan zehar, eta zabaldu egin da eskainitako kirol-modalitate kopurua: igeriketa, atletismoa, gimnasia, pilota, tenisa, squasha, futbola edo saskibaloia, eta forma fisikoa zaindu eta mantentzearekin lotutakoak ere bai. Estadioko igerileku olinpikoa eta duen tranpolin bereizgarria izan dira beti Estadioaren ikurra, eta, ondoren, beste proiektu batzuk egin dira lehen zabaltze modernotik aurrera, 1972an lursail berriak erosi ondoren. Ordutik, etenik gabe, aldizkako ekimenei ekin zaie, kasuaren arabera, Estadioko instalazioak eta espazioak sortuz, eraberrituz eta egokituz. Egungo Estadio Fundazioak, gainera, honako hauek ditu: igerileku estali eta estali gabeak; gimnasioak eta fitness, spinning, pilates, pesa eta balio anitzeko aretoak; saunak eta hamam-ak; masajea; kiroldegi estalia; boulder-a; mahai-tenisa; trinketea eta frontoiak (estalia eta estali gabea); futbol 7ko zelaia; tenis-pistak (estali eta estali gabeak), squash, eta padel pista estaliak; saskibaloia eta hondartza-boleibola; haur-jolasak; skate plaza; ludoteka; ikasketa-gela; gazte-kluba; Working Estadio; hitzaldi-aretoa (Estadio Aretoa); ostalaritzako instalazioak eta zerbitzuak; eta berdegune zabalak. Bukatzeko, gogobetetasun eta fideltasun maila handia duten kirol-eskola eta kirol-jardueretarako ikastaro sorta zabalak osatzen du bere eskaintza.